2013/04/26

Desalojo eguna heldu da

Goiz gogorra gaurkoa, azkenean heldu baita desalojoaren eguna. 10:30ak bueltan hasi dira lehen berriak zabaltzen: “Zipaioak gaztetxean”.

Bertara hurbildu direnen hitzetan hasieran jarrera harroa eduki du haietako batek, baina orduak aurrera joan ahala giroa baretzen joan da eta jarrera ere egokiagoa izan da. Ertzainekin batera epaitegietako bi ordezkari, jabearen abokatua eta promotorako bi ordezkari ere bertan egon dira.

12:00ak aldera, jabearen abokatua bertan baturik zeuden gazteengana hurbildu da. Helarazi die datorren asteko egunen baten, adostutako batean, joan gaitezkeela bertan dagoen materialaren bila; eraikina guztiz itxi baino lehen.

Eraikinaren egoera eta jabearen proiektu berriaren ondorioz desalojatu dute Torrea Gaztetxea. Hala ere, horrek ez du esan nahi proiektua akatu dutenik, ezta Bakioko gazteriak borrokari ekingo ez dionik.  

HERRI BAT, GAZTETXE BAT!!

2013/04/08

Azken erasoak!!

4 urte ta gero Torrea bizirik!

4 urte pasa dira gure ilusio eta gogo guztiekin Bakion gaztetxe bat amestetik egi bihurtzera pasa ginenetik. 4 urte, herriko gazteen lanarekin utsik zegoen eraikin bati bizitza ematen hasi ginenetik eta 4 urte, guztion lanarekin, Torrea gaztetxean herriari zuzenduriko ekintzak antolatzeari ekin genionetik. Hasieran markaturiko helburu batzuk burutzea lortu dugu, akatsak ere izan ditugu baina guztion ilusio eta indarrarekin Bakion gaztetxe bat izatea posible dela eta bai gazteok eta baita herriak ere, beharrezko duen toki bat dela erakustea lortu dugu. Hasieratik izan ditugu aurrera jarraitzeko arazoak, lehendabizi herritar batzuek Torrea gaztetxearen inguruan zabaldutako hitzak, ondoren bertan bizi izandako jendearekin izandako tirabirak eta jasandako lapurretak eta azkena izango zela uste genuen gaztetxearen aurkako denuntzia. Guzti hau notizia txarren bukaera zelakoan geundenean eta hemendik aurrera ze bide jarraitu aztertzen geundenean, gaztetxeak erasoak jasan ditu. Lehendabizi San Jose eguna ospatzen zebiltzan zenbait artaburu gaztetxera sartu eta ingurua zikindu zuten. Azken egunetan aldiz ume kuadrila batek beste zereginik ez zuenez, guztiz txikitu du gaztetxea. Kristal bat bera ere ez dute bere tokian utzi, ate guztiak txikitu dituzte eta extintore hautsez bete dituzte gela guztiak. Torrea gaztetxea herriaren eta herriarentzako proiektua da, batzuek ez dute begi honez ikusiko eta beste batzuei min egingo die honek aurrera egiteak baina guk gurean jarraituko dugu.

4 urte ta gero Torrea bizirik!